XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orduak luze joan ziren, militar haien joan-etorri urduria lagun bakarra nuela.

Erbiloa egin nuen, egunsentian deitu, eta prestatzeko agindu zidaten. Gudua abian zen.

Ez naiz askorik luzatuko hango txikizioaren berri ematen, bertan egon ezean nekez azal baitaiteke nolakoa den Herioren aurpegi ankerrena.

Hango tiro-hotsak eta irrintziak, kanta eta garrasi, hango aiene eta lantu, haragi urratu eta gorputz txikituak.

Ni muino baten gainean nengoen buruzagien ondoan eserita, benetan nire beharrean zeudenei lagundu ezinik.

Aurpegia eskuetan gorde nuen, tamaina hartako absurduari nolabait ere itzuri nahian alferrik.

Garrasi eta txilioak orratzak bezala sartzen baitzitzaizkidan burmuinean.

Eskuak izerdi hotzez eta malkoez bustirik neuzkan, harik eta salto bat eginez altxatu eta lasterka bizian infernu hartara abiatu nintzen arte.

Martin, hona!!! Horiexek izan ziren entzun nituen hitz bakarrak, eta ez nien garrantzirik emango, Morionesenak berarenak izan ez balira.

Heriotz zigorra neureganatua nuen, hotza eta latza, nire buruaren inguru xistuka ari ziren bala haiek aurreratu zezaketena.

Ez nintzen haatik geratu, tresneria-poltsa soinaren kontra estutu eta mendixkan behera amildu nintzen ziraldoka.

Orduz geroztik nire bizitza errotik aldatuko zuen abiada eroan.